XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Durango herrigintzaren ispilu.

POZIK eta itxaropentsu itzuli naiz Durangoko azokatik etxera, sakelak zertxobait arindu zaizkidan arren kontentu.

Durango ez da fenomeno isolatu bat, ez da azoka soila, ez da topaleku hutsa... Euskal herrigintzaren ispilu ere bada Durango.

Horrelako azoka prestatu ahal izateko giroa behar da, salmentaren esperantza, irabaziaren itxaropena.

Ez da erakusketa arrunta, azokak beharrezko dituen kondizioak betetzen ditu egunotan Durangoko emanaldiak.

Salmentak nork erosia eskatzen duenez aipatzekoa da, derrigorrez, ikastolaren eragina.

Azken mende laurden honetan euskaraz hezitako haur eta gazteak ugalduz joan dira, euskal irakurlegoa zabalduz.

Lehenago harpidetzaren eskutik saltzen ziren liburuak, gaur egun azoka eta liburutegietan ez da erosteko aukerarik falta.

Giza soina haziz doan garaian atal guztiak orekari jarraiki luzatzen zaizkio.

Ez zaigu, normalean behinik behin, hanka bat bestea baino gehiago luzatu ohi, ezta belarri bat beste baino gehiago zabaltzen.

Honetan datza euskal herrigintzaren zioa, arlo batetan eginiko lanak besteetan ere fruiturik ematen du, baratze muturrean ereindako haziaren emaitzak soro zabalera biziki hedatzen.

Euskal gizarteak euskal irakaskuntzaren aukera egin du, euskal ikastetxeak eraiki, heziketa euskaraz bideratzeko pausoak eman.

Era berean ikastolaren eskutik gizartea euskaldunagotzen ari zaigu, proportzioan askoz gehiago dira ikastoletan matrikulatzen diren haurrak, euskaraz hitzegiteko gai ez den guraso askok ere euskal eskolaren aukera egin du seme-alabentzat.

Euskararen ibilbideetan eman diren pausoak, hara nola euskal telebista esaterako, testuinguru horretan behar dira kokatu.

Batak bestea eskatzen du, giroak laguntzen ez duenean ez da hazirik ernaltzen.

Euskal herrigintzaren ispilu bezala dakust, beraz, euskal liburu eta diska azoka.

Euskal liburuak aipatu ditudalarik, testugintzan bereziki egindako lana azpimarratu nahi nuke.

Irakasleak istimatzen du, nehork istimatzekotan, euskal testua.

Klasea eman behar eta ez testurik, ez euskal materialik, inongo laguntzarik gabe, diharduen irakasleak leher gaizto egiten du etsipenaren amildegian jausteraino.

Eskolako testuaren zereginaz ez datoz denak bat baina hoberik sortzen ez den artean, ikasleak bere lana liburuaren arrastoari jarraiki burutuko du aurrerantzean ere.

Euskaraz hezi ahal izateko baliapideak ezinbesteko zaizkio irakasleari zein ikasleari.

Ikastolen Federazioaren eraginez burututako lana, Gordailuk, Elhuyarrek, UZElk eta abarrek eskainia, euskal irakaskuntzari baliagarri zaizkion neurrian herrigintzari izugarrizko mesedea egiten dio.

Zordun gatzaie dudarik gabe.

Durangotik pozik eta itxaropentsu itzuli naiz, urtero urtero bertaratzen den publikazioen nobedadea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, duela urte batzutako ametsari errealitatearen baietzak jarraitu dio.

Gurdia aurrera doa.

Mikel Ugalde.